top of page

 

Alaira Haur Eskolak Montessori metodoa praktikan jartzen duen eskola da, hezkuntza formala eta ez-formalari atxikituta dauden irakasle eta profesionalen etengabeko formakuntza eskaintzen da.

Jaiotzetik 0-6 urte bitartekoa da bizitzaren eperik garrantzitsuena. Bere metodoa epe honetarako garatu zuen bereziki. Hori dela eta, Montessori eskolak Haur Hezkuntzakoak izan dira, nahiz eta ondoren, Lehen eta Bigarren Hezkuntzara ere hedatu diren.

 

Montessorik idatzi zuenez, gizakiak dauzkan ahalmenak garatzeko aukerak eman nahi zituen. Horrela proposatuta 6 urteko haur bat biderkaketa, zatiketa, erro karratua, munduko nazioak eta abar bereganatzeko gai da, oroimena erabili gabe. Ez ditu buruz biderkatzeko taulak edota gramatikako kontzeptuak ikasiko. Material zehatza manipulatuz lortuko du hori guztia bereganatzea. 

 

                            Zergatik ikasi hain goiz hori dena?

                           Arrazoia da 0-6 urte bitartean haurrak gauza berriak  erraztasun handiz eta gogoz ikas                                        ditzakeela, gaitasun hori gero eta txikiago izaten delarik.

 

Irakasleen formakuntzan asko lantzen da umearenganako hurbilketa pedagogikoa. 

Ikasleekin izan ohi dena baino kontaktu gutxiago dute, ez dituzte hainbeste besarkatzen

edo besoetan hartzen, baina maitasun handia arnasten da gelan; eskua emanez, begiradaren bidez…

errespetu handiz tratatzen dituzte haurrak, eta beti oso jarrera kontzientea du irakasleak,

esku-emate eta begirada kontzienteak dira.

 

Klasean presaka bizi gara eta jarrera hori transmititzen diegu gure haurrei, baina irakasleak ez dio ‘ixildu!’ oihukatuko ikasleari, gerturatu egingo da, haren mailan jarri eta tonu apalean mintzatuko zaio. Haurrek eredutzat gaituzte, tonua jaitsi eta berdin arituko dira. Goxotasunez hitz egiten die eta umeek hala barneratzen dute, euren artean errespetuz aritzen dira, elkarri lagunduz, giro lasaian… Eta umea urduri baldin badago, “gelditu” esan beharrean bestelako estrategiak erabiltzen dituzte, urduritasun hori jardueraren baten bidez kanalizatu dezan, adibidez gelatik atera eta lorategira landareak ureztatzera lagunduko al dion galdetuko dio irakasleak.

Irakaslearen zeregina da behatzea eta behaketa horren bidez gela antolatzea: zerbaitek ez badu ikasgelan funtzionatzen, abiapuntua ez izatea haurraren errua dela pentsatzea, baizik eta ohartzea gela ez dagoela ondo antolatua edo materiala ez dela egokia. Adibidez, haurrak jostailua lurrera botatzen badu, ez dakielako egiten eta frustratzen delako, beharbada material hori ez da aproposa ikasgela eta adin horretarako. Ongi egokitutako giroa lortuz gero, irakasleak ez du apenas esku hartuko.

 

Lau gune nagusitan banatzen dira gelak: “Bizitza praktikoa” gunean, eguneroko tresna errealak dituzte, koilarak, pintzak, giltzak, edalontziak, erratza… eta besteak beste, horiek manipulatuz eta horiekin jolastuz esku eta hatzetako motrizitatea lantzen dute, inkontzienteki gero idazketarako baliagarri. “Gune sentsoriala” zentzumenak lantzera dago bideratuta (ukimena, entzumena, dastamena…). “Matematikak” txokoan, denean bezala, konkretutik eta errealetik abstrakturako bideak agintzen du. Umeak lehenengo ukitu, bizitu egin behar ditu zenbakiak, abakoak… eta gero egingo du abstrakziorako saltoa; Lehen Hezkuntzako ikasturte aurreratuagoetan hartuko die zentzu matematikoa Haur Hezkuntzan jolasean osatutako kubo eta abarrei. Berdin “Hizkuntzak” atalean, konkretutik abstraktura: benetako sagarrak dituzte Montessori ikastetxeetan, alboan sagarraren irudia marraztua, eta hortik izena ikasiko du umeak. Idazketa eta irakurketa ere sentsorialki abiatzen ditu haurrak, hatzekin lixa edo paper-latzetan hizkiak irudikatuz (hizki horrek duen hotsa eta ahoskera esango dio irakasleak), gero hondarrean errepikatuz, klerarekin arbelean eta arkatzaz azkenik. Gune horiek guztiak “Hezkuntza Kosmikoa” deiturikoak biltzen ditu (Lurra, landareak, animaliak, gizakiak… hizpide).

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hemen jostailu eta material pila bat erabili ohi dugu, baina ezer ez dago soberan, denak du helburu bat. Ume denek aldi berean materialen bat izateko prestatuta dago gela, baina material bakoitzetik bakarra dago, eta errespetatzen ikasteko modua ere bada hori: umeak badaki gaur beste batek duena bihar erabili ahalko duela. Kristala, egurra eta material naturalak erabiltzen dituzte, plastikoa apenas, eta pisu, forma… jakinak dituzte, haurrak sentitu eta bizitu ditzan. Materialek akatserako kontrolak dituzte gainera: alegia, irakasleak ez du ia esku hartzen eta umea autonomoki aritu daiteke horiekin. Gelako materialekiko errespetua eta zaintza ere handia da; irakasleak kontu handiz, poliki maneiatzen dituenez, halaxe egin behar dela barneratzen dute umeek. Zerbait puskatzen bada, segituan ordezkatzen dute, umeak ikusten badu zuk puskatuta dagoen liburu bat daukazula, pentsatuko duelako puskatu dezakeela.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gerta daiteke haur batek matematekiko gogorik ez agertzea. Gure egitekoa izango litzateke haur horrek dituen interesak bilatzea, esaterako biologia atsegin badu biologiaren bidez matematikak lantzera eramateko. Baina oinarria da norberaren interesen, motibazioaren eta jakin-minaren eskutik bideratzea haurraren garapena, ez ditzan gauzak derrigortuta ikasi, irakurtzera behartu dugulako ez dezala irakurketa gorrotatzen bukatu. Esentzia mantenduz, behatuz eta haurrenganako hurbilketa egokia eginez, gauza asko alda daitezke. Jarrera, tonua, ikuspegia… aldatu ahal dira, hitz gutxiago erabiltzen eta haurrei apalago hitz egiten saiatuz, bestelako errespetuz.

 

 

 

 

 

 

 

Montessori metodoa

Montessori metodoa klasean bertan

bottom of page